Albisteak

Elkargi, FEI, COFIDES eta Basque Trade & Investment erakundeek euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko akordioa berritu dute.

15/01/2024

Elkargik, Finantzen Euskal Institutuak (FEIk), COFIDESek, eta Basque Trade & Investmentek (BTIk) lankidetza berritu dute euskal enpresen nazioartekotzea sustatzen jarraitzeko. 100 milioi eurorekin zuzkitutako finantza-tresna da, 2019ko erdialdean sortua, Euskadik atzerrian dituen enpresen produkzio- eta merkataritza-inbertsioko ekimenei babesa emateko.

Akordioa gaur goizean berritu da Bilbon, FEIren egoitzan, aliantza estrategiko hori indartzen duen akordio berri bat sinatuta. Sinaduran parte hartu dute Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuorde eta BTIko Administrazio Kontseiluko presidenteak, José Luis Curbelo COFIDESeko presidente eta kontseilari delegatuak, Francisco Javier Arnáez FEIko zuzendari nagusiak eta Zenón Vázquez Elkargiko zuzendari nagusiak.

Horrela, lau erakundeek ahaleginak batzen jarraituko dute Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak atzerrian ezar daitezen bultzatzeko.

Horretarako, konprometitzen dira enpresen beharrak hautemateko ekintzak gauzatzera, eskura dauden finantza-tresnak ikusarazteko eta haietarako sarbidea errazteko esparruetan, baita beste ekintza batzuk berrikusi eta abian jartzera ere, bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak zabaltzen, baita nazioartekotze-proiektuak kofinantzatzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak atzerrian ezartzen batera laguntzeko azken helburuarekin.

Leihatila bakarra

Horrela, erakunde bakoitzak eskaintzen dituen nazioartekotzeko laguntzak enpresen artean zabaltzea bilatuko da, atzerrian ezartzearen, aliantza estrategikoen eta nazioarteko enpresa-lankidetzaren aldeko kultura sustatzeko asmoz. Gainera, leihatila bakarra sortu da Basque Trade & Investmenten, helburu hartuta prozesuak eta zerbitzuak integratu, optimizatu eta sistematizatzea, alderdien eta enpresen arteko informazio-fluxuak arindu eta sinplifikatzea eta informazioa bilatu eta eskuratzea erraztea.

Baterako eragiketak 2020tik

Lehen akordioa sinatu zenetik, bost euskal enpresaren nazioartekotzea sustatzeko sei operazio egin dira elkarrekin, guztira 35.680.000 €-ko

Zehazki, lehenengoa, COFIDESen eta FEIren artekoa, 2020an formalizatu zen, NBI Bearings Europe enpresa arabarrak automobilgintzarako eta, oro har, industriarako aluminiozko osagaiak galdatu, injektatu eta mekanizatzen dituen enpresa errumaniar bat eros zezan. COFIDESen eta FEIren arteko akordioari esker, 9 milioi euroko ekarpena egin zen 15 milioi euroko guztizko inbertsiorako; 3 FEIren aldetik eta 6 milioiko koinbertsio-mailegu bat bere baliabide propioen eta FONPYMEren kontura COFIDESen aldetik.

Bigarrena eta hirugarrena 2021ean gauzatu ziren, FEIk, COFIDESek eta Elkargik egoitza Bizkaian duen Azpiaran Taldearen nazioartekotzea babestu zutenean. Talde hori hainbat tipologiatako estanpazio metalikoko teknologietan espezializatuta dago, eta gehienak automobilgintzaren sektorera bideratuta. 4,79 milioi euroko inbertsioa izan zen Mexikon eta Polonian ezartzeko, eta horietatik % 77 operazioaren bidez finantzatu ziren: 440.000 € COFIDESek eta beste 440.000 € FEIk Mexikorako, eta alderdi bakoitzak 1,4 milioi Poloniarako. Elkargik, bere bermearekin, 880.000 € gehiago finantzatzea ahalbidetu zuen.

2021eko abenduan laugarren baterako operazioa egin zen, Alcorta Forging Group Estatu Batuetan hedatzen laguntzeko. Helburu horrekin, COFIDESek eta FEIk automobilgintzarako forja beroko pieza metalikoen fabrikazioan espezializatutako enpresa gipuzkoarra finantzatu zuten, bakoitzak 4,8 milioi eurorekin. COFIDESen finantzaketa koinbertsio-mailegu baten bidez egin zen, Kanpo Inbertsioetarako Funtsaren (FIEXen) kargura.

Bosgarren operazioa urte bereko urrian gauzatu zen, COFIDESek eta FEIk telebista- eta bideo-zerbitzuetan espezializatutako Agile Content enpresa teknologiko bizkaitarraren nazioarteko garapena babestu zutenean. Guztira 4 milioi euro eman ziren Akordioaren bidez, Cofidesen eta FEIren 2 milioi euro banako finantzaketen bidez. Proiektuaren guztizko inbertsioa 8,8 milioi eurokoa izan zen.

Azkenik, 2023an, GH CRANES & COMPONENTS zubi-garabi eta polipastoen Gipuzkoako fabrikatzailearen inbertsio-proiektu berri bat finantzatu zen, Estatu Batuetan produkzio-instalazio berri bat eraikitzeko, haren merkatu-kuotaren igoerari aurre egin ahal izateko. Operazio horretan, COFIDESek eta FEIk 4,7 milioi euro bana finantzatu zituzten.